XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

FLORINDO - Nire zerbitzari honek zure mirabea nahi du emaztetzat. Ba al duzu eragozpenik baimena emateko?

ESMERALDINA - (Aparte) Ene bada! Hau da ona! Beste batek ere nirekin ezkondu nahi duela?... Nor demontre ote da? Ezagutuko banu behintzat!

PANTALON - Niri dagokidanez, emana dago baimena. (Esmeraldinari) Eta hik, zer dion?

ESMERALDINA - Zer eskaintzen didan ikusi behar, jauna...

PANTALON - (Florindori) Gizon prestua al da zure zerbitzaria?

FLORINDO - Oraintsu ezagutu badut ere, fidatzekoa dela uste dut eta gizon trebea.

KLARISA - Florindo jauna... nik neure aldetik mirabea Beatriz anderearen zerbitzariarentzat proposatu behar nuela gogorarazi didazu. Baina zuk zeurearentzat eskatu duzunez gero, bego horretan.

FLORINDO - Ez, ez! Aldez aurretik hitza emana zenuenez gero, bertan behera uzten dut neure eskaria eta zeure eskuko zara.

KLARISA - Inoiz ez dut onartuko nire nahiak zureari hobesterik! Gainera, egia esateko, ez dut hitzik eman. Eutsi zeure eskariari.

FLORINDO - Ezin dut onartu! Pantalon jauna: baztertzen dut esana. Ez dut neure zerbitzariaren alde bitartekotzarik egin nahi! Gehiago oraindik: ezkontza horren aurka jartzen naiz buruz-buru.

KLARISA - Zurearekin ez bada, bestearekin ere ez da ezkonduko! Ez nago zure aurrean neure burua gutxiesteko.

TRUFALDINO - (Aparte) Hau duk ona! Hauek elkarri zuriketan eta ni emazte gabe geratuko nauk!

ESMERALDINA - (Aparte) Ikusten nago; aukeraren maukera azkenean okerra!

PANTALON - Tira, ea konpontzen dugun hau! Neskatila honek ezkontzeko gogoa du. Emaiogun batari zein besteari.

FLORINDO - Nireari, ez! Klarisa anderearen aurrean ez dut gizalegerik hautsi nahi.

KLARISA - Nik ere ez nuke onartuko inondik ere Florindo jaunaren aurrean nabarmen geratzerik.

TRUFALDINO - Jaun-andreok... nik konponduko dut auzi hau. Florindo jauna, ez al duzu eskatu Esmeraldina zeure zerbitzariarentzat?